XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ia konturatu ere gabe, esanahi batetik bestera aldatzen gara Elizarekiko geure jardunetan.

Egia da askotan sentidu batean nahiz bestean harturik ere, ez duela axola handirik.

Baina beste batzutan berezkuntza honen berri jakin beharra izan ohi da.

ELIZAREN EGITEKOAK ZER IKUSI DU GIZONEN SALBAZIOAZ.

Ondoko lerroetan, bada, Elizaren xede edo helburua zein den azaldu nahi dugu.

Hiru ideia nagusi hauen inguruan bilduko dugu esateko guztia: 1) gizonak salbatzea, 2) Munduan Jainkoaren testigu izatea, 3) fededunak saindutasunera bultzatzea.

Lehen kolpean badirudi desberdin xamarrak direla hiru gauza hauek.

Baina azken batean eta funtsean errealitate bat eta bakar baten ikusalde edo alderdiak baizik ez dira.

Eta goi-munduko errealitate hauek horrela, zatika eta alderdiak bana-banaka aztertuz, ikasi behar izaten dira.

Hiru alderdiok esan beharrik ez dago kristau iturrietan datoz.

Jainkoak nahi izandako eta eratutako erakunde bat, instituzio edo organismo bat da Eliza.

Kristok, Jainkoaren Semeak, bere jainkozko eskubide eta aginteez fundatu eta sortua.

Hark Elizari egiteko batzuk, eta egitura bat eta xede jakin bat egotzi dizkio.

Elizan izango dira, bai, alda daitezkeen gauzak, baina beste batzuk ezin aldatuzkoak dira, eta azkeneko hauen artean daude Elizaren xede nagusia, beronen bizkar hezurra den Jerarkia, etab.

Hemen, bai, esan daitekeela; Hartu ala utzi, baina hartzekotan, den bezalakoxea hartu behar duzu.

Kristok Elizari emandako oinarri legeak inortxok ere ez du aldatzeko eskurik.

Eta hau da gure oraiko galdera: Zer xede edo egiteko egotzi zion Kristok Elizari? Orai bada, iturri guztiek, xede honetzaz mintzatzerakoan, hitz berezi bat aipatzen dute beti: salbamendua, gizonaren salbamendua.

Baina salbamendu hitzak, erlijioko hizkeran, badu sentidu jakin, jator eta berezi-berezi bat.

Sobrenatural mailako zerbait adierazten du, eta eternala, gainera, ez bizitze igarokor honen mugen barnean bukatzen dena.

Zer da, bada, salbazio hori? Jainkoa bera ematen zaiola gizonari, horra.

Izadiz goitiko emate bat.

Emate hori mundu honetan berean gertatzen da hasiera bezala, ernamin bezala, baina fruitu oso, heldu eta konplitua ez da hemengoa, beste mundukoa baizik.

Salbamendua bete-betean eta bere ondore guztiekin geroko bizitze horretan lortzen da, bada, hemen ere atal aurreko eta hasiera bezala ematen zaigula ukatu gabe.